XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

gerla odoltsu hura bukatu behar zutela eta bakea egin, elkar hartzerik gabe gerla luzatzen ari zela eta herrialde osoa alferrik galtzen.

Ez zedila mesfida esklabutza zela-eta frantsesen egitekoaz, zeren hamabi urteran libertatearen alde ihardukatuz gero ez baitzuten berriz indarrean jarriko.

Louvertoure bera eta haren ofizialak nor bere karguan edukiko zituela Frantziako armada baitan.

Zehaztasunak finkaturik, itun bat sinatu behar zutela eta gerlari bukaera eman.

Beraz, honelatan, Louvertoure-k Peruskiri idatzi zion koloniaren geroaz Parisen zer esames korritzen zen jakiteko.

Bidali zion gutunean Peruskik Leclerc-en esandakoaren gainean segurantza ematen zion militar beltzari: Kontsulak gai zuela Louvertoure bera irlako buruzagi izendatzea, bera izanen zela armadaren burua, bada, hura guztia zuzenetik zekiela, Tayllerand-ek berak jakinarazi ziola.

Eta duda-mudak izanagatik gutun haietan berme harturik, Louvertoure-k Leclerc-i idatzi zion elkar ikusteko parada eskeiniaz.

Leclerc-ek baietz, Parisetik heldu berria, bere eskuetan bazuela Bonaparte-k berak sinaturiko Armadako Jeneral Buruzagi karguaren agiria.

Bat ere susmo txarrik har ez zezan, D'Stilerys merkatariaren etxean solastatuko zirela, bada, Louvertoure-ren adiskidea baitzen.

Louvertoure antsiatu egin zen hura jakitearekin eta kontu guti egin zien bere ofizialei, esaten baitzioren bidaia hura arriskutsua zela, frantsesek traizioa egin liezaioketela.

D'Stilerys-en etxera sartu bezain fite, Louvertoure-k jeneral frantsesarekin solastatzera heldu zela esan zion merkatariari; jamaicarrak, ordea, berak ez zekiela ezer.

Instant hartanxe sartu ziren zazpi dragoi frantses, berehala atxilotu zuten militar beltza; loturik eraman zutenean, Louvertoure irainka hasi zen:

Oi Peruski madarikatua, traditu egin nauk!.